3.000 profesionalek baino gehiagok parte hartuko dute 2019ko GENVCE-Labore Estentsiboen Berrikuntza eta Transferentzia Jardunaldi Nazionaletan

Hilaren 28an egingo da, Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian, eta hilaren 29an NEIKER-Tecnaliak Gauna herrian kudeatzen duen “Ilarra” finka esperimentalean

NEIKER-Tecnalia zereal laboreei aplikatutako azken nobedade eta teknologiak dakartzan erreferentziazko ekitaldi baten anfitrioia da

 Zereal, koltza eta bestelako barietateen azken nobedadeak aurkeztuko dira, eta azken belaunaldiko produktu fotosanitarioekin egindako saiakuntza agronomikoak ere erakutsiko dira

 3.000 profesionalek baino gehiagok parte hartuko dute, datorren maiatzaren 28an eta 29an, Labore Estentsiboen Berrikuntza eta Transferentzia Jardunaldi Nazionaletan, 2019 GENVCE, NEIKER-Tecnalia Nekazaritza Garapen eta Ikerketarako Euskal Erakundeak antolatuta, Zereal Aldaera Berriak Ebaluatzeko Taldearekin (GENVCE) eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin batera.

Erkidego autonomo guztietatik iritsitako parte hartzaileek neguko labore estentsiboen inguruko berrikuntza eta transferentziaren azken nobedadeak ezagutu ahal izango dituzte Araban.

Ekitaldiak bi zati independente baina aldi berean osagarri izango ditu. Horrenbestez, lehen egunean biltzar zientifiko bat egingo da Gasteizko Europa Jauregian. Bertan, neguko labore estentsiboen berrikuntzaren emaitzei eta teknika berriei buruz eztabaidatuko da, eta inaugurazio saioan hitz egingo dute Jose Antonio Sobrino GENVCEko lehendakariak (Zereal Aldaera Berriak Ebaluatzeko Espainiako Taldea); Bittor Oroz NEIKER-Tecnaliako lehendakari eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuordeak; Fernando Miranda Espainiako Gobernuko Nekazaritza eta Elikadurako idazkari nagusiak; Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak, eta Leire Barañano NEIKER-Tecnaliako zuzendari nagusiak.

Landa eguna

Bigarren eguna landa egun demostratibo bat izango da, NEIKER-Tecnaliak Arabako Gauna udalerrian kudeatzen duen “Ilarra” finka zabalean.

Gaunako lursailetan 19 labore estazio diseinatu dira, eta, han, hainbat gai azalduko dizkiete parte hartzaileei, hala nola gari, garagar, zekale, tritikale, koltza eta abarren azken barietateak, fitosanitarioen azken nobedadeak erakusteko saiakuntza agronomikoak aurkeztuko dira, eta lekadunen estazio bat ere erakutsiko da, animaliak elikatzeko bazkarik onena lortzeko saiakuntzekin.

Arreta berezia merezi du jardunaldiaren gune komertzialak, hazi, fitosanitario, ongarri eta bestelako sektore batzuetako enpresa nagusiek eta hainbat kooperatiba eta elkartek 32 karpa jarriko baitituzte. Jardunaldian zehar euren nobedadeak erakutsiko dituzte, eta parte hartzaileek bertatik bertara egiaztatu ahal izango dute barietate, fitosanitario eta ongarri horien portaera agronomikoa.

Jardunaldiko bi une goren programatutako erakustaldiak izango dira. Lehenengoan nekazaritzan erabiltzeko droneen azken teknologia erakutsiko da, ongarritzeko aplikazio praktiko batekin, droneak lortutako informaziotik abiatuta. Bigarrenean, azken belaunaldiko teknikekin belar txarrak jorratzeko erakustaldi bat egingo da. Halaber, sastrakak kontrolatzeko prototipo berritzaile bat ikusi ahal izango da martxan.

Informazio gehiago: www.genvce2019.com