Ikerketa ildoak

ovejas
Animalien hobekuntza genetikoa

Animalia Ekoizpeneko Sailaren jatorria, neurri handi batean, latxa eta karrantzana Euskadiko eta Nafarroako ardi-arraza autoktonoen hobekuntza genetikoko programa da, 1980 hamarkadaren hasieran abiarazia. Geroztik, dena dela, abeltzaintzako beste espezie batzuetara zabaldu du bere jarduera; adibidez, esnetarako edo okelatarako behi-aziendara, mendiko zaldi-aziendara edo erleetara. Hala, planteamendu teknikoaren ikuspegitik lan egin da, errendimenduak kontrolatzeko programetarako metodologiak proposatuz, hautespen-helburuak proposatuz (ekoizpen-helburuak, batez ere, baina baita kalitatekoak ere, hala nola proteina-edukia, edo funtzionalak, hala nola errapeen morfologia, erditzeko erraztasuna edo scrapiearekiko erresistentzia) eta balorazio genetikoak eginez. Gaur egun, genomikarantz ari da zabaltzen lan-eremua.

Horrekin batera, aurrerapen genetikoa hedatzeko behar diren ugaltze-alderdi nagusiak aztertu dira. Alde horretatik, semena izozteko, intseminazio artifizialerako, obulazio anizkoitzerako eta enbrioien transferentziarako ugaltze-teknikak prest uzteko lan egin da.

Horren ondorioz, lankidetza estua dago abeltzain-elkarteekin eta Aberekin eta Ardiekin intseminazio-zentroekin.
Nazioarteko harremanak INRA-Toulouse eta INIA-Madrid erakundeetako genetika-taldeekin.

Burua: Eva Ugarte Sagastizabal doktorea (eugarte@neiker.eus)
Lantaldea:

Ina Beltrán de Heredia Perez de Villarreal doktorea (ibeltran@neiker.eus)

Elikadura eta animalia-nutrizioa

1980ko hamarkadaren hasieran, latxa eta karrantzana arrazen elikatze-sistema aztertzeko lanak hasi ziren, karakterizatzeko eta zer ondorio dituen ikusteko, batez ere gorputz-erreserben eboluzioan duen efektuaren azterketaren bidez. Hortik abiaturik, saiakuntza ugari egin dira sistema hori optimizatzeko, hala etengabeko estabulazioaren fasean nola larratze-fasean, eta, beraz, kostuak murrizteko. Hasieran, saio bat egin zen aztertzeko zer efektu zuen pentsu kontzentratuen gehigarriak emateak eta zer interakzio zuen bazkaren kalitate eta kantitatearekin. Gero, saio bat egin zen larratze partzialeko sistema baten bidez gobernatutako ardien jokaera ebaluatzeko eta ingestioa kuantifikatzeko.
Gainera, hartzidura erruminala modulatzeko gehigarriak identifikatzeko lan egin da, bai eta lehengai eta/edo azpiproduktu batzuk energia- eta proteina-iturri alternatibo gisa balorizatzeko ere, balio izan dezaten ekoizpen-kostuak murrizteko edo lortutako produktuen eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko.

Taldeak in vitro teknikak ditu, etenak eta jarraituak (Rusitec) , digerigarritasuna aztertzeko.

Proiektu horiek egiteko, lankidetzan jardun du, bai Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektoreko zenbait eragilerekin (abeltzain-elkarteak, pentsu-fabrikak, AZTI-Tecnalia, Euskal Herriko Unibertsitatea, eta abar), bai estatuko I+Gko zentro batzuekin (Leóngo Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea, Galiziako CIAM, Asturiasko SERIDA, Kantabriako CIFA eta Nafarroako INTIA), bai eta nazioarteko enpresekin ere kontratupeko proiektu bidez.

Burua:

Lantaldea:

Animalia Ekoizpeneko sistemak

Arlo honetan 1990eko hamarkadaren erdialdeaz geroztik egindako lana, neurri handi batean, abeltzaintza-sistema batzuk jasangarritasunaren esparruan karakterizatzea eta analizatzea izan da; beraz, alderdi tekniko-ekonomikoak aztertu dira batez ere, baina baita gizarte- eta ingurumen-izaerako beste alderdi batzuk ere. Hala, natura-baliabideen aprobetxamenduaren, nutrizio-jardunbideen eta ugalketaren arteko interakzioak aztertu dira parametro zootekniko eta ekoizpen-parametro nagusietan, bai eta abeltzaintzako zenbait espezietan (esnetarako ardi-azienda, okelatarako edo esnetarako behi-azienda) lortutako produktuen kalitatean ere .

Bestalde, garai batean, beharrezko I+Ga egin zen Euskadin ekoizpen-sistema alternatiboak diseinatu eta ezartzeko, hala nola orein gorria ekoizteko edo txerri-azienda kanpoan ekoizteko.

Gainera, ezagutzaren zenbait arlotan sortu den ezagutza balorizatu nahi da, helburu honekin: zenbait mailatan (banakako animaliarenean, animalia-taldearenean, ustiategiarenean eta baita lurraldearenean ere) erabakiak hartzen laguntzeko erremintak diseinatzea, simulazio- eta optimizazio-ereduetan oinarrituta.

Azken urteotan, abeltzaintza-sistemek zerbitzu ekosistemikoen sorreran duten garrantzia baloratzeko saioak egiten ari dira, bai eta gizarteak abeltzaintzari buruz duen pertzepzioa baloratzeko ere.
Hori guztia lankidetza estu bati esker egin ahal izan da: batetik, Neiker-Tecnaliako Animalia Ekoizpeneko Sailaren beraren barneko lan-arloen arteko lankidetza; bestetik, Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektoreko zenbait eragilerekin (abeltzain-elkarteak), estatuko I+Gko zentro batzuekin (Aragoiko CITA, Lleidako Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea, Kantabriako CIFA) edo nazioarteko batzuekin (Edinburgoko Unibertsitatea, Mexiko Estatuko Unibertsitate Autonomoa, etab.) eta enpresa batzuekin, hala nola Daia Inteligent Solutions, izandako lankidetza.

Burua:

Lantaldea:

Etologia Aplikatua eta Animalia Ongizatea

Animalia-ekoizpeneko gaur egungo ereduetan, gero eta beharrezkoagoa da animalia-ongizatea kontuan hartzea, bai arrazoi sozioekonomikoengatik, bai ekoizpen-ereduen epe luzeko jasangarritasuna ziurtatzeko. Ekoizpen-sektoreari oinarrizko laguntza bat emateko, Etologia Aplikatuko eta Animalia Ongizateko ikerlerroa sortu zen 2008an, hegazti-hazkuntzaren eta ardi-ekoizpenaren arlora bereziki bideratua.
Ikerlerro horren helburuek bi ardatz dituzte oinarri. Batetik, oinarrizko ezagutzea sortzea ekoizpen-animalien jokaera eta dinamika sozial eta espazialari dagokionez. Informazio hori giltzarria da produktibitatea eta animalia-ongizatea optimizatzeko maneiu-jardunbideak hobetu eta instalazioak diseinatzeko. Bigarren ardatza aplikazio zehatzagoko lan bati dagokio: jokaeraren edo animalia-ongizatearen eremuan ekoizpen-sistemetan ager daitezkeen arazo espezifikoak ebaztea. Oinarrizko ikerketaren arrakastaren adibide bat, epe luzean hegaztizaintzarako aplikazio praktikoak ekarri dituena, ingurunea aberasteko teknika xumeak garatzea izan da, hazteko azienda astunaren ugalketaren arrakasta handitzeko, edo broilerretan pododermatitisaren intzidentzia murrizteko. Bestalde, teknologia berrien garapenari eta diziplina anitzeko hurbiltze bati esker, aplikazio berriak diseina daitezke ekoizpenaren eraginkortasun eta animalia-ongizate handiagoa dakarten erabaki hobeak hartzeko. Planteamendu horren ondorioz, sistema komertzialetan okelatarako oilasko eta indioilarren osasuna eta ongizatea modu eraginkorrean ebaluatzeko lehenengo aplikazio mugikorra (Android) sortu ahal izan da.
Ikerketa-taldeak ibilbide luzea du nazioartean: nazioarteko erakunde ugaritan hartu du parte, hala nola EFSA, WPSA, PSA eta ISAEn, eta lankidetzan jardun du beste ikerketa-talde batzuekin Argentinan, Brasilen, Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Italian eta Norvegian. Aldi berean, lotura estua du tokiko enpresekin, haiekin lankidetzan aritzen baita eskuarki: Lumagorri, Euskaber, Gorrotxategi, Grupo AN, Avialter, Aseprhu, Tecnalia eta DAIA Inteligent Solutions.

Burua:

Lantaldea: