Ikerketa ildoak

bioseguridad

Mikobakteriosia (tuberkulosia eta paratuberkulosia)

Azterketak, batez ere tuberkulosian eta paratuberkulosian ardaztuta daude. Bi gaixotasun horiek hala etxe-animaliei nola basafaunari eragiten dieten mikobakteriosi nagusiak dira. Tuberkulosia zoonosi bat da, eta errotik kentzeko programa ofizial bat dago behi-aziendaren tuberkulosira bideratua. Paratuberkulosia, berriz, ez dago sartuta programa ofizialetan, baina inpaktu ekonomiko handia du abeltzaintzako ustiategietan. Arlo horretan, Neikerren lan-ildoak patogeniaren azterketatik alderdi praktikoagoetaraino doaz; adibidez, diagnostiko-tekniken hobekuntzaraino eta gaitzaren kontroleraino.

Bektoreak eta gaitz transmitituak

Etxe-animaliei eta basabereei, eta gizakiei, transmititutako gaitzen bektore diren eta EAEn presentzia duten artropodo-espezieen banaketa aztertzen da, eta, bestalde, aktiboki zaintzen da oraindik gure lurraldean sartu ez diren espezie batzuen sarrera posiblea. Zenbait motatako bektoreek modu eraginkorrean transmititzen dituzten askotariko birus, bakterio, parasito eta onddoak daude; beraz, interes handikoa da halakoak azkar detektatzeko metodoak martxan jartzea.

Segurtasuna elikakatearen oinarrian

Ekoizpen primarioak —elikakatearen oinarria— elikagai osasuntsu eta seguruen ekoizpenean zer zeregin duen aztertzen da. Teknika bakteriologiko eta molekularrak erabiltzen dira abeltzaintza-ustiategietan elikagaien bidez transmititzen diren lau bakterio-patogeno nagusiak (Salmonella spp., Campylobacter spp., Listeria monocytogenes eta E. coli berotoxigenikoak) detektatu, isolatu eta karakterizatzeko. Kontrol-metodoen saiakuntzak egiten dira, eta zaintza epidemiologikoko programak egiten dira EAEko ustiategietan zer prebalentzia duten zehazteko, joerak ebaluatu eta kontrol-neurrien efektua neurtzeko.

Zoonosiak eta beste gaitz batzuk

Gizakien eta animalien osasunean inpaktua duten zoonosi batzuen epidemiologia, diagnostikoa eta kontrola aztertzen da. Adibidez, Q sukarra, ekinokokosia, entzefalopatia espongiforme transmitigarriak eta behi-aziendaren tuberkulosia; baita beste prozesu batzuk ere, haietako batzuk emergentetzat jotzen direnak. Gainera, etxe-hausnarkarien lentibirosian eta ugaltze-patologian lan egiten ari da, bai azterketa epidemiologikoak eginez, bai diagnostiko-teknikak hobetuz. Erronka bat da, abeltzaintzaren sektorearen lehiakortasuna hobetzeko eta gure abere-aziendaren osasuna egoera aurreratuan eta Europako beste herrialde batzuetakoen pare mantentzeko.

Basafaunaren osasunaren zaintza

Basafaunaren gaitzak zaintzeko planak ezartzea ezinbesteko erremintetako bat da intereseko gaitzen azterketa epidemiologikoetarako. Interesekoak dira zoonosi direnak (pertsonetara transmititzen dira) eta etxeko espezieetan eragin nabarmena dutenak (etxeko espezieen eta basafaunakoen artean partekatutako gaitzak). Influenza, tuberkulosia, yertsiniosia eta hidatidosia aztertzen dira, besteak beste. Horretarako, basaespezieetarako diagnostiko-teknika espezifikoak garatzen dira, epidemiologian parte harten duten espezieak zehazten dira, foku posibleen detekzio goiztiarra eta berehalako erantzunaren hasiera lantzen dira, eta, horretaz gainera, pertsonetara edo etxeko espezieetara transmititzeko arriskua ere ebaluatzen da.